XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errauts gorri xehea


GAZTALONDON gora, Etxahuniaren hondakinen
albotik,
haritzak, arantzak, gorostiak eta pagoak
baino gorago,
Madalena mendira heldu eta Zuberoa oso goitik
behera soegin genuen.
Eta han, antena handiaren azpian, kristau elizaren
azpian datzan harria kausitu genuen...


Arkeologoek harriaren sasoia kalkulatzen
dute.
Antena berria da, 1961 urtean berriztaturiko
Andere Maria Madalenaren eliza
XV. mendea baino arean lehenagokoa,
eta latinez
izkiriaturiko harri hori hirugarren, bigarren
edo lehen mendekoa.


Nor zen izkribua agindu zuen G. Val.
Valerianus hori?
Eta Herauscorrisehe hori zer da? Gaua
lehenago zazpirehun mila bider bezala
Barkoxe, Atharratze, Maule gainera erortzen.
Harriari begira,
erlojuari begiratu gabe, geratuez gero ilunbeak
harrapatuko zaitu gailurrean


eta haizeak hotzikaratuko zaitu, eternitatea
aldamenetik pasatzen zaizula abisatuz.